Sarrera
Kilometroak bidea; bidelagun izan zaitez!
Bide luzea du gure Kilometroak-ek. Dagoeneko 40 ekitaldi burutu dira eta oraindik bide luzea du aurretik. Azken edizioa Bergaran burutu da eta irekiera ekitaldian ederki eszenifikatu zen bezala, gure jaiari ateak zabaldu zaizkio, etorkizun hurbilean hartu behar duen norabide berriaz guztion artean azter eta eztabaida dezagun. Izan ere, jaiaren jarraikortasunak ez du zergatik etengabeko doikuntzarekin talka egin behar; biak soka berekoak dira. Konbentziturik gaude, eta hala adierazten digu gure jaietan parte hartzen duen jendeak, Kilometroak beharrezkoa da, eta beharrezkoa izango da Euskal Hezkuntza nazionala Euskal Herrian guztiz normalizatuta egongo ez den bitartean.
Aztergai duguna beraz, Gipuzkoako Ikastolen Jaia da, hau da, KILOMETROAK. Eta azterketaren enuntziatua horrela azal genezake:
Ikastolen Jaia jendartean txertatuta dagoen jaia da. Ikastolek dituzten behar materialei erantzuteko antolatzen bada ere, Euskal Kultura indartuz eta elikatuz, ikastolen mugimenduak herritarren eskutik jasotzen duen kultura berriro, Hezkuntzaren bidetik, jendarteari itzultzen dio. Ikastolen Jaiarekin elkartasuna eskatzeaz gain, Euskara, Euskal Hezkuntza eta Euskal Kulturaren alde sustapen lana ere egiten da. Bi xede nagusi hauek, hau da, elkartasuna hartu eta kultura eman, modu eraginkorrean erantzuteko IKASTOLEN JAIA EREDU BERRIA BER-ASMATU NAHI DUGU.
Web orri hau eztabaida eramangarria izateko tresna besterik ez da. Bertan dokumentazio artxibo xume bat aurkituko duzu, baita eztabaida honetan parte hartzeko foroa ere. Web gune hau berria da, etengabe elikatzen joango den orria da. Horregatik, agian, hasieran hainbat hutsune aurkituko duzu. Denon artean lana osatzen joango gara eta, horretarako ez izan inolako zalantzarik zure ekarpena egiteko.
Kilometroak bidea abiatu da. Nondik gatozen badakigu; nora goazen baita ere; helmugara iristeko erabili behar ditugun bideak? Denon artean erabaki dezagun!