Bostak bat: Ikastola
Zazpiak bat leloaren bitartez nazio bat garela adierazten ohi da. Bostak bat leloak osatzen du ikastolen nazio mugimendua. Lurralde bakoitzak bere jaia izan arren, bakoitzak bere lurraldearen errealitateari erantzuten saiatzen da eta, urteak igarotzearen poderioz zatiketa administratiboek eragin duten kalteari aurre eginez, gaur egun, oraindik ere, babes sozial handia jasotzen duen mugimendua da Ikastolarena.
Ipar Euskal Herriak administratiboki inolako aitorpenik ez duen Euskal Herriko hiru herrialdez osaturiko lurralde historikoa da. 34 ikastolek, laster 35, lurraldearen etorkizun kultural zein linguistikoari jarraipena emateko konpromisoari tinko eusten diote. 2017ko urtarrilaren hasieran lurralde erkidego berria martxan jarri da. Luzaro aldarrikatutako ganbara berri horrek hauspo berria eman beharko lioke euskara eta euskal hezkuntzari. Herri Urrats-ek, gure hizkuntza eta kulturaren transmisioaren bidean aitzindari lana eginez, bere funtzio politiko-soziala betetzen jarraituko du.
Nafarroa garaian euskararen lege zatitzaileak herrialdea suntsitu egin du azken hamarkadetan eta Nafarroako Ikastolek iraunkorki aurre egin behar izan diote jarrera politiko baztertzaileari. 15 ikastolaz osaturik dago Nafarroako Ikastolen mugimendua, Ikastola gehienak Nafarroa garaiko iparraldean kokaturik daude, baina badira ere Vianan, Lodosan, Zangozan, Tuteran eta Tafallan. Nafarroa Oinez inoiz baino garrantzitsuagoa da Nafarroa garaian, ez soilik ikastolen jaia delako, herrialde horretan euskararen zabalkundeak inbertsio berezia eskatzen duelako baizik.
Araba Euskaraz 9 ikastolak osatzen duen mugimendu eta jaia da. Herrialdean euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko dauden baliabideak urriak dira. Ez da erraza Araban Ikastolen aldeko jaia antolatzea. Izan ere, Araban euskararen aurkako jarrera politiko zehatz batzuek urte luzeetan euskaltzaletasuna higatzeko indarra izan dute, eta oker ibiliko ginateke Araba Euskal Autonomi erkidegoko hiru herrialdetako bat izateagatik, bertan aurki daitekeen nazio nortasuna sustraitua eta egonkortua dagoela pentsatuko bagenu. Herrialdeak indartze neurriak behar ditu eta bide horretan bertako ikastolak ordezkaezineko lana egiten ari dira.
Bizkaia Euskal Herriko herrialde indartsuena da biztanleriari dagokionez, eta hiriak herriaren antolamenduan duen pisua ikaragarri handia da. Euskal nortasunak betidanik hiriak izan ditu gune ahulenak eta Bizkaian ikastolek, nahiz eta 22 egon, errealitate oso anitzei erantzuten diete. Gipuzkoa herrialdearekin batera, Bizkaian publifikazio politikak eragin handia sorrarazi zion ikastolen mugimenduari eta egoera horren aurrean, errealitate berriei begira, Ikastolen mugimenduak kostata jakin izan du herriak duen beharrari erantzuten. Ikastolak nazio nortasun sentimendutik sortu zen eta hamarkadetan zatiketa administratiboak sentimendu horri eraso egin arren, ikastolaren mugimendua bere baitan lotura sortzen duen irudikapen horrekin bizi irauten jakin izan du.
Gipuzkoa amaierarako utzi dugu. Historiaren joanean herrialde hau geografikoki (eta horren ondorioz baita liguistikoki) ongi babestua izan da gainontzeko euskal herrialdeengatik. Horren ondorioz Gipuzkoan dagoen euskaltzaletasunak beti erosoagoa bizi izan da. Hala ere, Bizkaian bezala, hiriaren paradigma ere eragiten dio. 29 ikastola daude herrialde honetan eta hemen ere zailtasunak badira tartean. Ikastolak batu behar dituen sentipenak, hau da, komunitatea indartzeko nortasunak, inbertsio berria eskatzen duela esan genezake.
Bostak bat: errealitate anitzak baina komunitate bakarra. Jakin badakigu nondik eta zertarako sortu ginen; ba al dakigu nora goazen? Ikastolen mugimendua hezkuntza alorrean dagoen nazio sare bakarra da eta betidanik bere aldarrikapen sutsuena Nazio Hezkuntza Sistema sortzea izan da eta da gaur egun ere. Euskal Herriko Ikastolek bost jaiak dituzte; zein da jendarteratzeko guztion artean dugun espazio komuna?